Gazteen Dantza Topaketa 2026: dantzari gazteek Lakuntzan hartu dute hitza

Ekainaren 26tik 28ra bitartean, Lakuntzak hartu du Gazteen Dantza Topaketa 2026 (GDT). Euskal Herriko hainbat lurraldetako dantzari gazteak elkartu dira asteburu oso batez, dantzaren inguruan bizitzeko, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta komunitatea sendotzeko.

Aurtengo edizioak berriro erakutsi du GDT ez dela asteburuko ekitaldi isolatu bat. Urtez urte eraikitzen ari den prozesua da: gazteen beharrak entzun, taldeetan gertatzen dena aztertu, elkarrekin hausnartu eta hortik aurrera urrats berriak proposatzeko espazioa.

Lakuntzan, dantzari gazteek tailerretan, dinamiketan, txokoetan eta elkarbizitzako uneetan parte hartu dute. Euskal dantzak ez dira soilik errepertorio gisa landu: harremanak sortzeko, pertenentzia indartzeko eta etorkizunari begiratzeko tresna gisa ulertu dira.

Aurreko urteetako esperientziei jarraipena emanez, Araia 2023, Areatza 2024 eta Segura 2025, 2026ko edizioak beste urrats bat eman du. Aurten, bereziki, dantza taldeetan gazteek gustura egoteko eta jarraitzeko behar dituzten baldintzak lantzen jarraitu da: giroa, errepertorioa, parte-hartzea, harremanak, zaintza eta taldeen barne-dinamika.

Topaketan zehar jasotako ekarpenak eta balorazioak hurrengo asteetan aztertuko dira. Horien bidez, txostena osatuko da eta hurrengo edizioa bideratzeko ondorioak aterako dira. GDTk argi du bere helburua: dantzari gazteak erdigunean jartzea eta euskal dantzen belaunaldi-erreleboa modu partekatuan lantzea.

Eskerrik asko Lakuntzari, laguntzaile guztiei, parte hartu duten dantzari gazteei eta proiektua posible egiten duten guztiei.

Dantzari izateaz harro!!

Dejar una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *